XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

XII. Kapitulua

Sozietate komanditarioa

12.1. Kontzeptua

Komanditazko sozietateek bi motatako bazkideak izaten dituzte:

a) Bazkide kolektiboak, erantzukizun solidario eta mugagabea izanik, enpresaren zuzendaritza esklusibotasunez hartzen dutenak.

b) Bazkide komanditarioak, eraketako eskrituraren arabera konprometitutako kapitala emateko erantzukizuna besterik ez dutenak.

Sozietate komanditarioek sozietate kolektiboek baino kapital handiagoa biltzeko aukera izaten dute, bazkide kapitalistak sartuz joan daitezkeelako; hauek merkatal eta industri negozioetan parte har dezakete honela eta sozietatearen obligazio eta galeren aurrean ekarritako edo ekarri beharreko kapitalarekin bakarrik erantzuten dute.

Enpresaren martxa onarentzat funtsezko diren bi elementu elkartzen dira hemen:

1. Bazkide kolektiboen dohain pertsonalak: iharduera, esperientzia, seriotasuna, efikazia, izen on edo prestigioa,...

2. Bazkide komanditarioen kapitala, produkzio-tresna, pentsatzekoa denez eta erantzukizun mugagabea dutenez, sozietatearen kudeaketan interesik handiena jarriko duten pertsona batzuek administratua.

Dena dela, sozietate-mota hau beherantz doa, sozietate anonimoek eta erantzukizun mugatukoek dituzten abantailak direla eta.

12.2. Ezaugarriak

Honela labur daitezke:

a) Sozietatearen izena bazkide kolektibo guztien, batzuen edo baten izenarekin osatzen da, azken bi kasuetan eta konpainia erantsiz, eta beti Komanditazko sozietatea (K.S.).